Finalista del jurado
Amona, Sakelako Telefonoa eta método zientifikoa
Abuztuko lehen egunetan hasi zen dena, Gasteizko jaietako egun batean. Tren
geltokira heldu eta amonaren etxera joateko bidea hartu nuen. Dato kalea jendez
gainezka zegoen eta Andra Mari Zuriaren plazatik geroz eta hurbilago egon,
orduan eta jende gehiago pilatzen zen kaleetan. Erasmus proiektuarekin Estatu
Batuetan urte bat ikasten pasatu nuen eta, dena berdin-berdin jarraitzen zuela
zirudien. Hasieran ez nion garrantzirik eman aurrean gertatzen ari zenari, baina
kaleko pertsonak behatuz konturatu nintzen guztiek sakelako telefonoarekin
zeudela, heldu nahiz gazte, denek zeukaten mugikorra eskuetan. Batzuek argazkiak
ateratzeko, besteek pasa den egunean deskargatu berri zuten jokoan jolasteko.
Gazteenek ondoko lagunarekin hitz egiten zuten txat bitartez, helduagoek
seme-alabei grabatutako azken bideoak edo aitaginarrebak bidalitako bideo
txotxoloak erakusten zizkieten ondoko guztiei.
Amonaren etxera hurbiltzen
nintzen bitartean nire burua milaka galderaz erasotua izan zen. Etengabeko
bonbardaketa bat jasan nuen. Galderaz josita nengoen eta ez nuen bat bera ere
erantzuteko gaitasunik. Zergatik jendeak ez du burua sega-pototik altxatzen? Zer
ikusten dute plastikozko pantaila horien atzean? Igortzen dituen uhinek eta
bateria osatzen duten elementu toxikoek burua xurgatu edo desegingo al zieten?
Ez al dira konturatzen makina malapartatu horrek bizitza kentzen diela?
Horrelako galderak etengabekoak ziren nire garunean eta nire buruak eztanda
egingo zuela nabaritu nuenean, heldu nintzen amonaren etxera. Amonak beti
laguntzen ninduen, eta egun horretan ere, bere janari goxoekin eta bere umore
onarekin, nire burua erantzunik gabeko galderetatik aldentzea lortu
zuen.
Bazkal ostean, etxeko sofan eseri nintzen eta goizean ikusitakoari
erantzunak bilatzen hasi nintzen. Nik eskuko telefonoa eduki arren, kalera
ateratzen nintzenean ez nuen denbora osoan eskuan eramaten. Komunikatzeko oso
tresna egokia eta baliagarria iruditzen zitzaidan, baina sortzen zuen
menpekotasuna izugarria zen. Asko pentsatu ondoren, hipotesi bat planteatzea
lortu nuen. Mugikorrak menpekotasuna sortzen du eta horrek jendea bizitzeaz
ahaztarazten du.
Huskeria iruditu arren, gai honi buruz interesatzen hasi
nintzen eta, esperimentu erraz batzuei esker, planteatu nuen hipotesia frogatzea
erabaki nuen. Jende desberdinaren erreakzioak, leku desberdinetan aztertu
nituen. Kaletik paseatzerakoan, autobusa, trena edo beste garraio publikoa
hartzen nuenean, tabernetan… Aste pare bat eman nuen kaleetan zehar jendearen
telefonoaren aurreko portaerak aztertzen. Hurrengo pausoa jendearen erreakzioak,
eskuko telefonorik gabe behatzea eta aztertzera izan zen. Horretarako lagunekin
proba egin nuen. Asteburua pasatzera landa-turismo batera joan ginen, aldez
aurretik lagunei eskatuta sakelako telefonoak ez eramatea. Horrela, bi
esperimentuen emaitzak aldera nitzakeen.
Nire ondorio guztiak garbira
pasatzen nenbilen etxeko txirrina entzun nuenean. Atea ireki eta bertan amona
azaldu zen. Berak egindako sagar-tarta goxo-goxoa ekartzen zuen. Biontzat
kafesnea prestatu nuen eta berarekin eseri nintzen.Tartaz goxatzen genuen
bitartean nire gradu amaierako lanari buruz galdetu zidan. Orduantxe konturatu
nintzen, proiektua hasi gabe neukala eta aste bat barru entregatu behar nuela.
Zakurraren putza! Interes gehiegi jarri nuen mugikorren gai malapartatuan eta,
guztiz ahaztu zitzaidan hain inportantea zen lana. Oso urduri jarri nintzen.
Amonak, nire larritasunaz ohartuta, bere ahots lasai eta gozoarekin gradu
amaierako lana salbatuko zuen ideia proposatu zidan. Sega-potoekin egindako
ikerketa, gradu amaierako proiektu gisa erabiltzea. Hasieran txoroen ideia bat
zela pentsatu nuen, baina azkenean, ideia hori aurrera eramatea erabaki nuen,
datorrena datorrela. Egun horretan ere amona nire amabitxi bilakatu
zen.
Amona arratsaldero etortzen zen laguntza behar al nuen ikusteko eta,
buru belarri aritzen ginen ikerketaren datuak komentatzen, horrela lana aurrera
zihoan. Lagunekin pasatu nuen asteburuan lortutako emaitzak izan ziren lanaren
oinarri nagusia. Argi eta garbi ikusi nuen jendea mugikorrik gabe bizitzeko
beldurra zeukala eta hori gertatzen zenean sintoma ugari jasaten zituztela:
urduritasuna, beldurra, samintasuna… Umeetan aldiz sintomak eta beraiengan
sortutako ondorioak okerragoak ziren. Txiki-txikitatik mugikorra eskuetan
izateak mugikorrik gabeko bizitza bat ezinezkoa dela pentsatzea sortzen zien
eta, horregatik oso gaizki pasatzen zuten. Gainera, mugikorrak irudimena,
jolasteko eta kirola egiteko gogoa errotik kentzen ziela ikusi nuen. Hasierako
hipotesiak esperimentuen bidez egiaztatu ondoren teoria zientifikoa borobildu
behar nuen. Amonaren hitzetan, “gogozko tokian aldaparik ez”
“Mugikorrak
menpekotasun handia sortzen du pertsonengan eta menpekotasun horrek gaixotasun
izatera heldu daiteke. Menpekotasuna daukaten pertsonek beldurra daukate aparatu
hau gabe geratzeko eta, horregatik sakelako telefonorik gabe geratzean sintoma
hauek jasaten dituzte: urduritasuna, samintasuna, ezegonkortasuna… Hau ume
txikiengan okerragoa da.”
Gradu amaierako proiektua aurkezteko egunean
oso urduri nengoen. Baina aurkezpena egiten hasi nintzenean amonaren hitzak
gogoratu nituen: “zu honetan jantzita zaude beraz urak egingo du bide!”. Dena
ongi baino hobeto jardun zuen eta noski, kanpoan amona zegoen zain.
Leku
askotan jendea gaixotasun honetaz diagnostikatzen hasi zen eta nire lana eredu
izan zen. Nik egindako aurrerapen eta aurkikuntzei esker jende asko laguntza
jaso zuen.
Hurrengo ikerketa lanari ekin nion. Egiaztatzeko hipotesia:
“amona eduki” atsotitza, egia ote? Horretarako esperimentu bat diseinatu,
emaitzak jaso, aztertu, ondorioak atera eta hipotesia egiaztatu edo baztertu…
Baina teoria dena eta egia borobila: amona bikaina dut.
Texto en su lengua original · © su autoría.