Finalista del jurado
Dardarka
Emozioz dardarka esnatu nintzen. Diagnostikoaren oihartzuna nire barnean durunda
jasan ezina bilakatu zen. Ondo esnatzeke, ametsen eta errealitatearen mugan,
amildegiaren ertzean ikusi nuen aita. Ni haren atzean nengoen, inpotentzia
lagun, erorketaren energia potentziala kalkulatzen: masa bider grabitatea bider
altuera. Emaitzaren balore altuak zirrara sortu zuen nire barnean.
Amaren
deiak erabat esnarazi ninduen. Berak ere ez zuen lo handirik egin.
-Zer
dun dardarina? Behin eta berriro aipatu zinan sendagileak hitz hori eta ez ninan
ezagutzen. -Dardarina LRRK2 izeneko geneak sortzen duen proteina bat da-
erantzun nion zalu. -Gene horrek anomalia bat duenean, dardarinak ez du behar
bezala funtzionatzen eta mutazio genetiko jakin hori izateak parkinsona
garatzeko arrisku handia dakar.
- Baina aitak ez din mutazio hori,
ez?
- Ez.
-Orduan ez dun Parkinsona.
-Ez.
- Zer gaitz din ba?
-Ez
dakite. Egindako probek ez dute ezer arrarorik adierazten baina gaixotasuna
aurrera doa. Ezezagunaren erreinu zabalean murgildurik gabiltza.- Hortxe bukatu
zen gure elkarrizketa.
Atzera begira jarrita, badakit dardarinarena izan
zela inflexio puntua. Handik aurrera egindako ikerketa guztiek emaitza berbera
eman zuten: ezer ere ez. Aitaren gaixotasunak aurrera jarraitu zuen, etengabe,
errukirik gabe, gure esperantzak banan-banan suntsituz. Boteretsua zen oso eta
gure ezjakintasunak are boteretsuago bilakatu zuen.
Aita ere, bere
gaixotasunean gero eta gehiago murgildu eta errealitatearekin, gurekin, ordu
arte bere izan zen guztiarekin moztu eta aingura askatuz, berak bakarrik ikusten
zituen itsaso zabal eta ilunetara abiatu zen. Orduak ematen zituen hasieran ur
haietan. Ondoren, orduak egun eta aste bilakatu ziren eta itsasoa
ozeano.
Berak itsaso hura nola, nik zientzia besarkatu nuen hala. Ezin
nuen atsedenik hartu. Ikusten nuen ezezagunak aita nire ondotik zeramakiela,
egunero-egunero aldentzen zuela niregandik eta munstro horri aurre egiteko
prestatu nintzen. Entzimak, proteina ezberdinen metabolismoa,
neurotransmisoreak, neuronak, botika umezurtzak, sindromeak, sintomak,
tratamendu esperimentalak … Ez nuen ezer alboratzen. Gaixotasun hark eduki behar
zuen zirrikituren bat eta nik aurkituko nuen.
Ez zen horrelakorik gertatu
ordea. Ezta nire amak sinesten zuen mirakulurik ere. Gaixotasunak tristura
ekarri zuen gure bizitzetara eta horrek etsipena.
Neguko eguerdi
eguzkitsu batean, itsasoaren haserrea ikustera eraman nuen. Malekoiko banku
batean eseri eta olatu handi eta zakarrei begira jarri ginen. Itsasoren sinfonia
itzela zen. Atzera eta aurrera, atzera eta aurrera. Etengabe sortzen eta
desegiten ziren olatuak. Txikiak, handiak, apartsuak, aparrik gabeak, ahulak eta
boteretsuak. Denen patua berbera zen. Sortu, itsasertzean lehertu eta berriro
ere sorburura itzuli. Hipnotizagarria zen guztiz. Bizitzaren parabola. Mekanika
eta metafisika DNAren helize bikoitza bezala kiribildurik. Beso bakoitzaren
izatea ezin bestearena gabe ulertu.Ez dakit zenbat denbora eman genuen fenomeno
harri begira, isilik, bakoitza geure pentsamenduetan
murgildurik.
-Itsasoak garuneko alfa uhinak aktibatzen omen ditu- esan
nion halako batean aitari. Irakurri berri nuen artikulu batean horixe aipatzen
zuten. Aita nire ondoan nuela jabetu nintzen berehala.
- Alfa uhinak?-
galdetu baitzidan apur bat harriturik.
-Bai, uhin hauek erlaxaturik gaudenean
sortzen dira, lokartzera goazenean, hondartzan edo mendian eguzkia hartzen ari
garenean …
A! izan zen aitak erantzun zidan gauza bakarra eta gustura
geundenez, itsasoari begira jarraitu genuen.
Ez da erraza betirako agur
esatea. Ez gaude prestaturik, ez ni behintzat. Sendagileak aita azkenetan zela
eta bere eta gure esku zegoen guztia egin genuela esan zigunean, zulo beltz
batean ondoratu nintzen. Ezin nuen sinetsi. Zientziaren eta teknikaren
aurrerapen izugarriak eskura izanik, nola zen posible egiteko guztiak eginak
izatea? Ez zen posible. Egon behar zuen egoera aldatuko zuen zerbait.
Sendagilearengana joan nintzenean, ordea, lasaigarri eta antidepresibo errezeta
bat izan zen eskaini ahal izan zidan laguntza bakarra. Etxera joan eta negar
egin nuen. Inoiz ez bezala negar.
Azken aldera, gau eta egun egoten ginen
aitaren jiran. Ama eta biok txandanaka pasatzen genituen gauak bere ohe
inguruan. Agur esan aurreko egun haiek bazuten azal ezina den zerbait berezia.
Agurraren berehalakotasunak ordu arte inoiz bizi gabeko intentsitatea ekarri
zuen.
Gau haietako batean, goizaldera, ezinegona nitaz jabetu eta lorik
ez nuela egingo jakinda, jaiki eta zaratarik atera gabe, gurasoen saloiko
apalategiak miatzen hasi nintzen. Ez nuen ezer berezirik topatzerik pentsatzen,
aurkitu nuenak, ordea, zirrara bortitza sortu zuen nigan. Beheko apalean,
liburuen aurrean, mila bider ikusia nuen argazki bat zegoen: ni haurra nintzela,
aitarekin hondartzan. Aita irribarretsu zegoen nire ondoan makurturik, ni
berriz, eguzkitik babesten ninduen txapela buruan, serio nengoen. Harritu
ninduena markoan kateaturik zegoen paper zatia zen. Esku dardaratiz hartu nuen
eta begien aurrean jarri. Listua irentsi nuen. Arkatzez eginiko hiru ikur zeuden
idatzirik: alfa, omega eta hauen azpian olatutxo bat zirudien marra oker bat.
Aitak egina zen zalantzarik gabe.
Alfa eta omega, hasiera eta bukaera.
Negarrez hasi nintzen eta handik gutxira ama azaldu zen beldurra aurpegian
zizelkaturik.
-Zer dun?
Paper pusketa eta argazkia erakutsi
nizkion hitzik egin gabe.
- Aitak idatzi zinan orain denbora bat eta
argazki horretan jartzeko eskatu. Ez nekinan zer esan nahi zinan, baina
beretzako garrantzitsua zela zirudinan eta eskaturikoa egin ninan.
Aitak
nik baino erantzun gehiago lortu zituela pentsatu eta malkoak lehortu nituen.
Argazkia eta papera bere lekuan jarri eta aitaren ondora itzuli ginen
biok.
Handik egun batzuetara hil zen gure malko eta dardara artean.
Texto en su lengua original · © su autoría.