Premio del jurado
Hitzak
Eta besterik gabe, hasiera emango diogu lehiaketari! Gogoratu, gure bi
lehiakideek handiagorantz egin behar dute. Handiena zer den adierazten duenak
irabaziko du, eta lehen hitza nik botako dut. Adi, hemen doa-eta:
quark!
–Mesoia.
–Barioia.
–Elektroia.
–Protoia.
–Neutroia.
–Nukleoa.
–Orbitala.
Adi!
Epaileek diote eztabaidatu behar dutela! Orbitala nukleoa baino handiagoa dela
onartu daiteke? Barreiatuagoa dago bai, baina… Adi… Baietz diote! Aurrera
jarraituko dugu beraz!
–Atomoa.
–Elemen… Ez, barkatu.
Molekula.
–Partikula.
–Zelula.
–Organismoa.
–Ehuna.
–Organoa.
–Gorputz-adarra.
–Gorputza.
–Pertsona.
–Familia.
–Arraza.
–Gizartea.
–Espeziea.
–Planeta.
Eta
nahiko! Honekin heltzen gara atsedenaldira! Lehiak bide interesgarria hartu du,
ezustekoren bat tarteko! Epaileek ez moztea erabaki dute, jokatzen uztea,
zenbait hitz polemiko azaleratu diren arren. Bestalde, bazirudien materiaren
edota materialen egituretatik joko zuela bideak baina ez, izaki bizidunetatik
egin du. Herrialde edo kontinente modukoak atzean geratu dira jadanik, orain
handiagoen bila egin behar! Zer izango dugu bigarren txanpa honetan? Zer
aurkituko dute planeta baino handiagoa? Laster jakingo dugu, bueltan baitira
gure bi lehiakideak. Besterik gabe, aurrera! Gogoratu, abiapuntua planeta
da!
–Eguzkia.
–Sistema.
Kontuz berriz! Oso hitz anbiguotzat jo du
epaimahaiak sistema erabakia… Hausnarketan dabiltza… Gogoratu: hitza ez bada
zuzena, hots, hitzak ez badu aurrekoak baino zerbait handiagoa adierazten, galdu
egingo du gure lehiakideak. Ea zer gertatzen den… Ba ez! Beste behingoz onartzea
erabaki dute. Aurrera
beraz!
–Konstelazioa.
–Galaxia.
–Unibertsoa.
–Dimentsioa.
–Errealitat…
Ez, barkatu: erlijioa.
Beste behingoz jokoa gelditu dute epaileek! Esateko
asko sor ditzake erabaki honek… baina aurrera jarraitzeko diote! Hortaz, segi!
Baina nondik segi daiteke? Isiltasuna egin da gelan, zalegoa urduri eta isilik
dago, ea, badirudi zerbait esango duela gure lehiakideak…
–Fedea.
Hori bai
hori kolpea! Fedeaz haratago zerbait al dago?
–Zientzia.
Ez genuen hori
espero! Hau da hau erantzuna! Aurre egingo al dio gure jokalariak? Adi, badirudi
zerbait esatear dagoela…
–Ezagutza.
Eta epaileek amaiera deitu dute,
amaitu da lehiaketa! Hau erabaki polemikoa!
Texto en su lengua original · © su autoría.