Finalista del jurado
00:00:00:00:10
00:00:00:00:10
Lehen 6 ginen, hainbat egoera arraroengatik lotuta. Orain, ni nago,
bakarrik, nire barneko zuloa ni menderatzeko zorian dagoela. Nahiko nukeenena
existitzen ustea izango zen. Baina gerta ala gerta, jarratu behar dut.
Bukaeraraino iritsi behar naiz.
00:00:00:00:09
Nire erlojuari begirada bat botatzen diot. Ez zait denbora asko
geratzen. Oraindik gelditzen zaidan indarra galtzen ari naiz eta pauso bat
ematen dudan bakoitzean, nire helburua urruntzen ari dela iruditzen zait. Hala
ere, nire buruko ahots setatsu batek jarraitzeko esaten dit.
00:00:00:00:08
Nola iritsi nintzen puntu horretara? Oso istorio luzea da baina
gertatzen ari dena ulertu ahal izateko laburtuko dut. Zenbait gauza gertatu
ziren, orain garrantzi gutxikoak direnak eta azkenik eskaintza horren aurrean
geure buruak ikusi genituen. Arriskutsua zirudien baina hain tentagarria zen
eskaintza horrek emango zigun saria non baiezkoa eman genuen.
Hainbat
esperimentuetara aurkeztu behar genuen. Esperimentua zertan zetzan azaldu arren, ez
genuen tutik ere ez ulertu, oso hizkera teknikoa erabili zuten eta. Baina ez
genion axola, buruan saria baino ez baikenuen.
00:00:00:00:07
Esperimentua irauten zuen bitartean, zentro batean egongo ginateke
bakartuta. Iritsi bezain pronto, eskumuturreko erloju moduko bat eman
zizkiguten. Erlojua jarri eta atzerako kontaketa bat hasi zen “67:84:22:13:11”.
Azaldu ziguten bezala, zenbaki horiek bizitzeko geratzen zizkigun urteak,
egunak, orduak, minutuak eta segunduak adierazten zuten.
Eguneroko egiten
zizkiguten azterketa medikoak kenduta, gure kontura uzten ziguten. Egun
batzuk pasa ondoren ia ahaztuta nuen esperimentua. Baretasuna baino ez nuen
sentitzen. Ezta eskumuturrean nuen atzerako kontaketa ere ez zuen sentitzen
nuen lasaitasuna asaldatzen. Suposatu behar izan nuen hori zela ekaitzaren
aurreko barealdia.
00:00:00:00:06
Oso azkar gertatu zen dena. Nire lagun batek bat-batean zerraldo
erori zen gure aurrean. Hura eraman aurretik, bere atzerako kontaketa ikusi
ahal izan nuen. Ordu batzuk baino ez zitzaion geratzen. Ez genuen hura berriz
ikusi. Azalpen bat eskatu genion esperimentuaren antolatzaileei eta aldi
honetan esaten ari zirena kontu handiz aditu nuen. Zirudienez, genetikoki
eraldatutako bakteria hilgarri batek zen gure lagunaren heriotzaren eragilea,
antibiotiko arruntei oso erresistentea zena. Hura hiltzeko sendagai baten bila
zebiltzan. Botika sintetizatzea lortzen bazuten, bakteria askatu eta dirutza
bat irabaziko zuten existitzen zuen sendagai eraginkor
bakarra saltzen.
Harrezkero dena oso azkar gertatu zen. Goizean, bizitzeko
egun gutxi batzuk genituen bakarrik. Prestatutako antibiotikoa ez zebilenez,
bat bestearen atzetik erori ginen. Neu izan nintzen azkena.
00:00:00:00:05
Nire erlojuari beste begirada bat botatzen diot. 5 segundu baino ez
zaizkit geratzen. Nire gorpuzak, nire bizitzarekin bukatuko duen bakteria
ditxoso horren aurrean amore eman nahiko luke. Baina aurrera jarraitzea lortzen
dut.
Gaixotasunak ahalbidetzen didan adina azkar nabil, errenka, bigarren ate
hori iristeko asmoarekin. Iristea lortzen badut, laborategi osoan zehar
zabalduko dut infekzioa, bioterrorista horiei odolkiak ordainetan
emanez.
00:00:00:00:04
Esperimentuaren zentroan sartu nintzenetik, ate
horiek zeharkatzearekin egin dut amets. Ateen funtzionamendua gogoz behatzen
nuen, norbait zeharkatzen zuen bakoitzean. 4 digituzko zenbaki bat sartu eta
lehenengo atea irekitzen zen. Segundu bateko desinfekzio bat eta bigarren
atea automatikoki irekitzen zen.Mekanismo berbera sartzeko eta
ateratzeko.
Hasieran, kontuz ibiltzen ziren zenbaki hori ezkutuan mantentzeko
baina gorabeheraren ondoren, arduragabe bihurtu ziren eta aise lortu nuen
zenbaki hori jakitea.
00:00:00:00:03
Zenbakia sartu eta lehen atea
irekitzen dut. Desinfekzio programa automatikoak ia lurrera botatzen nau baina
zutik mantentzen naiz, nekez.
00:00:00:00:02
Bigarren atea irekitzen da
eta hura zeharkatu bezain pronto lurrera erortzen
naiz.
00:00:00:00:01
Kanpoan nago. Ezinezkoa zirudien arren, nire helburua
gauzatzea lortu dut. Irribarretxoa egiten dut. Bakean sentitzen naiz azkenik.
00:00:00:00:00
Texto en su lengua original · © su autoría.