Premio del jurado
Burua eta gorputza bat eginik
Begiak ireki nituen, non nengoen jakin gabe. Argi zuri eta distiratsu bat aurrean
neukan. Hots batzuk entzuten nituen, baina ez nintzen gai ahots horiei aurpegia
jartzen, ez baitnituen ezagutzen.
- Badago, esnatu da! – horietako ahots
batek oihukatu zuen. Nitaz hitz egiten zegoen, ni esnatu nintzen bai, baina non? Eta
zergatik zegoen hainbeste jende nire inguruan, nire zain.
- Kontuz,
poliki-poliki egin behar dugu. Atera guztiak, mesedez. – Ahots leun batek guztiak
kanporatzera gonbidatu zien, eta nirekin bakarrik geratu zen. – Nola zaude? Zelan
sentitzen zara?
- Ondo… baina non nago?
- Zer da gogoratzen duzun
azken oroitzapena?
- Ba… - egia esan, ez nuen ezer gogoratzen. Hotzikara
batek gorputz osoa zeharkatu ninduen. Kezkatuta, urduritasuna nire buruaz jabetu
zen.
- Lasai, normala da, pixkanaka-pixkanaka oroimena berreskuratuko duzu.
Orain zure logelara eramango zaituzte. Ospitalean zaude, nire izena June da, eta
edozertarako hemen nauzu, medikua naiz eta zure ebakuntzaren arduraduna izan naiz. -
Beste azalpenik eman gabe, nire ohea mugitzen hasi zen, eta logela batean sartu
ninduten.
Nire garunari zukua ateratzen saiatu nintzen, indar eta ganora
guztiarekin gogoeta egin nuen, ia zeozer gogoratzen nuen. Ezer ere ez. Ez nuen
lortzen. Kostata, zutunik ipini nintzen. Gela bueltaka hasi zen nire buruan,
zorabiatuta nengoen. Hala ere, komunera hurbiltzea erdietsi nuen. Ispilu aurrean
ezezagun bat ikusten ari nintzen. Nor zen hori? Nor zen bera?
Ohera bueltatu
nintzen, lehertuta nengoen. Nekez heldu nintzen, eta behin oheratuta, begiak itxi
eta lotan gelditu nintzen berehala.
Ametsetan, flash moduko batzuk agertu
zitzaizkidan: Ume batzuk jolasten eta barreka, gizon bat nire lepoa musukatzen,
olatuak hondartzaren kontra behin eta berriro jotzen. Bat batean esnatu nintzen,
bihotzaren taupadak topera neuzkan. Nortzuk ziren ume horiek? eta gizona? Beraiekin
amestu banuen, horrek esan nahi zuen ezagutzen nituela.
Buruari gogor eman
nion, eta irudi berdinak ikusten nituen: umeak barreka, gizona musuka, hondartza…
Behin eta berriro. Orduan, medikuak logelan sartu ziren; June, beste bi
gizonekin.
- Nola zaude gaur? Hobeto? Zeozer gogoratzen duzu? – Junek galdetu
zidan.
- Bai. Hiru umerekin eta gizon batekin amestu egin dut. Beharbada,
zeozer esan nahi du horrek. – Ohartu nintzen nola begiratzen ziren beraien
artean.
- Nire izena Igor da, eta ospitaleko psikologoa naiz - eskumaldean
zegoen gizona hitz egiten hasi zen.
– Zure ametsetan ikusitakoak, zure
familia da, senarra eta hiru sema-alabak. Kotxe istripu batean hil ziren guztiak
orain dela zazpi hilabete. Zu larri atera zinen istriputik, baina bizirik. Koman
egon zara denbora guzti honetan zehar. Medikuek lortu dute azkenean, teknika
berritzaile bati esker, zure burua salbatzea.
Hirugarren gizonak ispilu bat
eskaini zidan.
- Ezagutzen duzu zure aurpegia? – Junek galdetu
zidan.
- Ez. – Berriro begiratu ziren beraien artean. – Zertan datza erabili
duzuen teknika berritzaile hori? – galdetu nien jakinminez, umeen eta gizonaren
aurpegiak burutik kendu ezinik.
- Zera, - hasi zen Igor – orain arte egin ez
den transplante bat egin dizute.
- Zure garuna beste gorputz batean
transplantatu dugu – bukatu zuen Junek, harira, beste itzulirik eman
gabe.
Hitzik gabe gelditu nintzen. Zer?
- Zure egoerak ez zeukan
itxura onik, eta teknika honekin, nahiz eta zure gorputza ezin salbatu, zeren eta
zure bihotzak ezin zuen bakarrik lan egin, zure garunak ondo funtzionatzen zuen,
beraz, paziente ezin hobea zinen proba honetarako.
- Proba? Hori da ni
naizena? Proba bat?... – Ni, biokimikan lizentziaduna nintzen, eta zientzialari
moduan, ikerketen alde nengoen, baina ez edozein preziotan. Non zegoen bioetika
kontseilua kasu horretan?
Ezer esan gabe, eta nire haserrea antzematen, hiru
medikuak gelatik irten ziren. Hurrengo egunetan hainbat mediku, erizain, ikertzaile,
psikologo, kazetari… sartu ziren, baina nik ez nuen inorekin hitz egin nahi.
Azkenean, alta eman zidaten, eta nire etxera joaten utzi ninduten. Ordurako, dena
gogoratzen nuen. Ezagutzen ez nuen gauza bakarra, nire gorputz berria
zen.
Kaletik, pausoz pauso, aurrerantz joaten nintzen, nire oinetara begira,
lehenengo hanka batekin, gero bestearekin. Noren hankak ote ziren
horiek?
Ametsetako hondartzara heldu nintzenean, olatuak ailegatzen ziren
ertzeraino hurbildu, eta hortxe eseri nintzen. Nireak ez ziren begiekin, iluntzea
ikusten gelditu nintzen; nirea ez zen sudurrarekin, itsasoaren usain bereizgarria
sentitzen nuen; nireak ez ziren belarriekin, olatuen hotsa entzuten nuen; nireak ez
ziren oinekin, ura sentitzen nuen atzamarren artetik sartzen… Bizitzan aurrera
egiteko gai izango nintzen nirea ez zen gorputz batean?
Texto en su lengua original · © su autoría.