Finalista del jurado
Natura eta zientzia batzen direnean
Zenbait urte pasa dira nire bizitzako bidaia hasi zenetik: argizariko har bat naiz.
Hemen finkatu baino lehen Kongoko Errepublika Demokratikoan bizi nintzen nire
anai-arrebekin. Lurralde gogorra zen hori; bost zentzumenak adi eduki behar zenituen
beti. Taldeen arteko hilketek leku hori zer zoragarria izan zitekeen ezkutatzen
zuten, jendea miserian bizi zen nahiz eta munduko lur aberatsenetakoa izan. Hala ere
gauza guztiek dute bere alde ona. Zuhaitzez beteriko paisaia hori elikagai, ur,
animali… azken batean, bizitzaz gainezka zegoen. Landareek igortzen zuten freskurak
laztandu egiten ninduen, gorila kumeak jolasten ikusiz gozatzen nuen… Zoriontsu
nintzen, oso zoriontsu lehorte handia iritsi zen arte.
Nahiz eta urtaro hezean
egon, egunero eguzkiaren diztira gehiego egin eta argi orduak handitu egin ziren.
Denborarekin, euri kantitatea izugarri gutxiagotu zen kate hilgarri bat sortuz. Euri
faltaren ondorioz, landareak egarriz hiltzen hasi ziren eta hauekin batera animali
belarjale eta haragijaleak. Nire bizitzaren eszenatokia izandako paisaia nire
oinpean zimeltzen zihoan. Egoera larria ikusirik, nire anai-arreben agintea hartu
eta gelditzen zitzaidan ausardia bilduz, nire izatearen erabaki mingarri eta
garrantzitsuena hartu nuen: beste lurralde aberatsago batera ihes egitea. Ikaratuta
nengoen, baina Kongoko Errepublika Demokratikoan geratzea nire hilobia zulatzea
iruditzen zitzaidan. Bidaiarako prestaketak egin eta ibiltzen hasi ginen. Oztopoz
betetako bide luze bat genuen aurretik:
Txadeko basamortuan okil baten erasoari
aurre egin genion: Denak nekatuta eta egarri ginen, baina ingurune hori uzteko nahia
nekea baino indartsuagoa zen, horrek ibiltzen jarraitzera bultzatu gintuen. Orduan,
hegazti bat begiztatu genuen. Okilak gu ere ikusi gintuen eta arintasun handiz gure
gainera oldartu zen gu bezain gose baitzegoen. Une hartan kide asko galdu
genituen.
Aurkitu genuen hurrengo oztopoa mugagabea zen: itsasoa. Tripolin,
Libiako hiriburuan, aurkitzen ginen. Hainbeste jende artean desorientatua nenbilen
eta kaleetatik noraezean ibili ondoren portura iritsi nintzen. Txalupaz betetako
itsaso urdina txundituta begiratzen nuen bitartean, begiak merkantzia ontzi batean
finkatu nituen. Itsasontzi hartan ezkutuko bidaiari bezala bidaiatzea zen ikusten
nuen irtenbide bakarra. Bi aldiz pentsatu gabe ontziratu egin ginen.
Bi egun
igaro ziren nire ahizpak "lurra begi bistan!" esan zuen arte. Santander deitzen zen
leku batean lehorreratu ginen. Ondoren, bidaia hau egitera behartu gintuenaren bila
joan ginen: ura eta elikagaiak. Mendian kokaturiko erlauntz batean hori, eta gehiago
aurkitu genuen. Erleek sortutako argizaria jaten betekadak ematen genituen, ondoan
zegoen errekak ur garbi eta freskoa eskaintzen zigun… Nahiz eta Kongoko Errepublika
Demokratikoa faltan bota lurralde hartan etxean egongo banintz bezala sentitzen
nintzen. Aste batzuk igaro ziren, niretzat ezezaguna zen izaki batekin aurrez aurre
topo egin nuen arte. Itxuraz gizaki bat zen, baina azala kolore zurikoa zeukan.
Erlauntz barnean aurkitzen ginen etxeko zereginak egiten hau finkatuta zegoen
tokitik askatu eta argiak itsutu gintuenean. Ikusmena berreskuratu nuenean, emakume
bat abaraxka heltzen ari zen. Nire lehen sentimendua ikara izan zen. Nire buruak
ihes egitea eskatzen zidan,baina nire gorputzak ez zuen erantzuten. Orduan,
emakumeak ustekabeko mugimendu bat egin zuen: nire familia osoa eta ni hartu eta
poltsa batean gorde gintuen.
Etsita nengoen: egun batetik bestera gure
etxebizitza galdu genuen eta jada gure sabelak zimurtzen hasiak zeuden. Aste bete
igaro zen eta ihes egiteko azken ahalegina egin nuen: poltsa osatzen zuen plastikoa
hozkatzen hasi nintzen eta nahi gabe plastiko zati bat irentsi nuen. Hasieran,
zapore nazkagarria izango zuela pentsatu nuen, baina kontrako efektua eman zen:
goxoa, oso goxoa iruditu zitzaidan. Nire anai-arrebak berdina egitera gonbidatu
nituen eta denen artean ihes egitea lortu genuen. Logela ezezagun batean aurkitzen
ginen. Une hartan, emakumea sartu zen. Gu ikusita liluratuta zirudien. Bere begirada
gugan finkatzen zuen, gero plastikoan eta ondoren gugan berriz ere, horrela
etengabe.
Hurrengo egunetan, bisitak etengabeak izan ziren eta gizakiek gu
plastikoa jaten ikusita harriturik begiratzen gintuzten. Haien begiak ilusio, emozio
eta itxaropenaren islada ziren.
Gaur egun, zientzialariak interes guztia jartzen
ari dira gugan plastiko izeneko material hilgarria erauzteko. Nork esango zuen gu,
munduan punttu ñimiño bat besterik ez garen izaki batzuk, gizateria osoaren
salbatzaileak izan gaitezkela.
“Oraingo honetan badirudi,
plastikoaren arazoari aurre egiteko konponbidea naturak eman digula, hori bai
zientziaren laguntzarekin.”
“Zaindu dezagun natura, berak gu zaintzen gaituen
bezala!!!”
Texto en su lengua original · © su autoría.