Finalista del jurado
Superburuargiak
Endika, Leire, Kepa eta Garazi lurrean eserita zeuden adi-adi amona Kattalinen
istorioa entzuten:
“Bazen behin, animalia talde bat. Animalia haiek gure
antza zuten, baina txikiagoak eta iletsuagoak ziren. Sabanan bizi ziren eta alde
batetik bestera mugitzen ziren fruituak eta sustraiak bilatzeko; noizean behin,
hildako animaliaren bat ere jaten zuten.
Talde hartan bazen bat beste guztiak
baino buruargiagoa zena, eta inguruan zegoen guztiari adi-adi begiratzen zion. Egun
batean ohartu zen tximistek batzuetan sua sortzen zutela. Harrigarria egiten
zitzaion sua; horregatik, orduak igarotzen zituen hura aztertzen. Azkenean,
kontrolatzea lortu zuen. Suak abantaila ugari ekarri zizkion taldeari: alde batetik,
animaliak uxatzeko balio zuen, esaterako, lehoiak; eta, beste alde batetik, haragia
sutan egin zezaketen, gordinik baino askoz hobeto!
Urteek aurrera egin zuten,
buruargia eta bere taldeko batzuk hil egin ziren, eta beste batzuk jaio. Jaiotzen
ziren horien artean, buruargiak ere baziren. Hauek inguruan zuten guztian interesa
zuten eta guztia ikertzea eta hausnartzea gustatzen zitzaien. Pentsatu eta pentsatu,
tresna ugari asmatu zituzten: labanak, aizkorak, jostorratzak… Lehenik harria eta
hezurrak erabiltzen zituzten horretarako, baina beranduago burdina aurkitu zuten,
eta geroago brontzea egiten ikasi zuten! Naturan erabilgarriak ziren baliagai ugari
zeudela ikusi zuten. Zenbat eta gehiago ezagutu naturan zegoena, orduan eta ideia
gehiago zituzten eta, beraz, orduan eta material eta tresna gehiago egiten zituzten.
Baina ez hori bakarrik, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago jakin nahi
zuten. Buruargiei esker, naturan zeuden material ugari nola erabili ikasi zuten eta,
horrela, bizimodua errazagoa zen taldearentzat: jadanik ez zegoen alde batetik
bestera ibili beharrik jatekoaren bila. Etxeak eraiki zituzten eta etxe inguruan,
batetik, landareak ereiten zituzten eta, bestetik, animaliak zaintzen zituzten.
Gainera, etxean erabiltzeko, mugitzeko zein komunikatzeko gailu ugari asmatu
zituzten. Horregatik, gero eta erosoagoa zen bizimodua. Haatik, bizimodua zenbat eta
erosoagoa izan, orduan eta erosoagoa izatea nahi zuten.
Buruargi batzuek
jakin-mina soilik zuten, eta gehiago ikasi nahi zutelako ikertzen zuten. Beste
batzuek gainerakoei lagundu nahi zieten eta, horregatik ikertzen zuten. Baziren
batzuk euren mesedetarako ikertzen zutenak ere, besteei eragindako kalteez arduratu
gabe. Hala ere, buruargiek elkarrekin partekatzen zuten ikasitakoa. Modu horretara,
gehiago ikasten baitzuten, eta errazago ikertzen baitzuten. Urte asko pasa ziren,
eta buruargien jakintza asko handitu zen lehen buruargi hark zekienarekin
alderatuta.
Baina eurek egindako lanak ondorio txar batzuk ere izan zituen.
Egun batean, buruargi batzuk konturatu ziren, behar adina informazio izan gabe
hartutako erabaki batzuek ingurunean kalteak sortu zituztela: lurra, ura eta airea
kutsatuta zeuden; animalia eta landare ugari desagertu egin ziren, eta beste asko ez
zeuden batere ondo; bizidunen arteko oreka puskatu egin zuten; zaborra edonon
pilatuta zegoen; planetako tenperatura igoarazi egin zuten… Konturatu ziren ez
bazuten zerbait egiten, arazoak izango zituztela bizitzeko. Eta hori ez zutenez
gertatzerik nahi, talde guztiari jakinarazi nahi izan zioten zer gertatzen ari zen.
Alabaina, taldeko asko oso eroso bizi ziren, eta ez zuten euren bizimodua aldatu
nahi. Ez zitzaien gustatzen buruargiek esaten zutena:
- Buruargi horiek ez dakite
zer esaten ari diren – zioten haserre-. Hainbeste urtean horrela bizi izan bagara,
zergatik ezin dugu horrela jarraitu?
- Begira, guk datuak ditugu; frogak. Hau
benetan gertatzen ari da, eta ez badugu zerbait egiten aldatzeko, gure bizitza
erabat aldatuko da urte gutxiren buruan, baina ez zaigu gustatuko etorkizuna!-
Buruargiek ez zuten etsi nahi, eta indar guztiak jarri zituzten ingurumenaren alde
borrokatzeko.”
Bere bilobei begira geratu zen amona.
- Amona, zergatik
isildu zara?- galdetu zuen Kepak.
- Nola bukatzen da istorioa?- jakin nahi zuen
Garazik.
- Buruargiek zerbait asmatuko dute dena konpontzeko, ezta?- Leire
itxaropentsu zegoen.
- Bai, gora superburuargiak!- oihu egin zuen
Endikak.
Amona Kattalinek irribarre handi bat egin eta galdetu zien:
-
Superburuargiek esandakoa entzun eta serio hartuko duzue?
- BAI!- oihu egin zuten
laurek batera.
- Eta zuek ere superburuargiak izango zarete?
- Bai!
- Nik
laborategian egingo dut lan- esan zuen azkar Endikak.
- Ba nik nahiago dut
mendian ibili. Txoriak asko gustatzen zaizkit- azaldu zuen Leirek.
- Nik
matematikak erabiliko ditut- gehitu zuen pozik Garazik.
- Ba nik... - Kepak
zalantza handiagoa zuen- nik kutsadura ikertuko dut!
Amonak are eta irribarre
handiagoa egin zuen:
- Orduan, ziur istorioa ondo bukatuko dela.
Texto en su lengua original · © su autoría.