Finalista del jurado
Amets egiten
Txikitatik jakin izan dut: ama izan nahi dut. Horrexegatik, oso adi egon nintzen
zikoinako ipuina kontatu zidatenean lehendabiziko aldiz, “Gure gorputza” izeneko
liburua oparitu zidatenean ondoren, eta azkenik eskolako anatomiako saioetan.
Dena prest, beraz. Momentua iritsiko zenean, jakingo nuke zer eta nola
egin.
Urte ugari ondoren, momentua iritsi da. Bikotekide maitakorra eta
egonkorra aurkitu dut eta saiatu egin gara. Ez dugu lehenengo saiakeran lortu,
bistan da. Berriz saiatu gara, eta ezer ez. Berriz ere saiatu, berriz ere huts
egin. Hilabeteak pasa orduko, ginekologoenera noa, kezkaturik. Badator
zaplastekoa: ez naiz hain emakume emankorra.
Frogak hasi dira. Odol,
gernu, hormona, zelula eta DNA analisiak. Anatomiako liburuetan agertzen ez
ziren hitzak ikasi behar izan ditut: ekografia, zitologia, histeroskopia,
erresonantzia, biopsia, histerosalpingografia, laparoscopia. Pijama urdindunek
nire gorputza miatzen dute, ni ohetilan etzanda. Xiringen, orratzen eta kamaren
festibal horretan, laginak hartu eta aztertzera bidaltzen dituzte. Gizakia ala
laborategiko sagua al naiz? Jarraitzeko, diagnostikoen turrusta: hormonen
desoreka, endometriosia, hidrosalpinx. Agian erreserba obariko baxua ere bai.
Diagnostiko bakarra nahikoa ez balitz bezala.
“Lasai egon, tratamenduak
badaude”, diote bata zuridunek. Bikotekideari begietara begira, ez dakigu ea
ongi ulertu dugun. Hala ere, aurrera. PCR negatibo eman, tratamenduari ekin.
Ebakuntza-gela hotz eta esterilizatuan sartu eta “Aupa neska, bikain ari zara”
diote pijama urdindun eta arrosadunek. Berriz ohatilan, erdi biluzik, bakarrik.
Berriz orratzez eta xiringaz josita. Lokartzen naute. Esnatzerakoan, ez zait
iruditzen bikain ari naizenik. Mina dut, gorputzan ebakuntzagatik, eta bihotzean
beste arrazoi batengatik: antzua naiz, behin betiko. Ezin izango dut haurdun
egon batadunen laguntzarik gabe.
“Ebakuntza bikain atera da. Obarioen
estimulazioarekin has gaitezke”. Berri on bat, azkenean. Ala ez hain berri
txarra, hobeto esanda. “Tratamendu hormonalarekin hasiko gara, talde
multidiziplinar baten laguntzarekin”. Endokrinologo, nutrizionista eta
psikologoari buruz ari da. Berri ona, ezta? Bakar bakarrik sentitzen naiz
eta.
“Tratamendua ongi doa, obarioak prest daude. Egindako esfortzuak
nabari dira. Orain obulo-ateratzearekin jarraitu dezakegu, eta in-vitroari
ekin”. PCR negatibo eman, obuloak atera. In-vitroa martxan dago, eta enbrioiak
azkenean prest. Ebakuntza-gela hotz eta esterilizatuan sartu. Xiringen festibala
berriz. “Dena ongi joan da”, dio pijama berdedunak, baina begiekin kezka mezua
bidaltzen dio pijama urdindunari. Zer gertatzen da oraingoan? Zergatik ez dit
inork ezer esaten? Pijama urdinduna ohartu da ohartu naizela, eta bihotzetik
ateratzen zaion ahots gozoenarekin botatzen dit belarrira: “Lasai egon, ez dira
atera espero genuen bezain beste enbrioi bideragarri, baina ez du inporta;
bakarrik enbrioi on bat lortzearekin, nahikoa da”. Itxaropenez betetako hitz
horiei eusten diet negargura kontzen dudan bitartean.
Egunak itxaron.
Haurdunaldi froga etxean egin. Hiru minutu luze. Pultso neuronalek argiaren
abiadurarekin zeharkatzen dute garuna eta bihotzen taupadek saihetsak apurtzeko
saiakera egiten ari dira. Bakarrik enbrioi on bat lortzearekin, nahikoa da.
Erlojua begiratu, hiru minutu azkenean. Negatiboa. Ez ez, PCR-a da negatibo eman
behar duen froga. Froga hau ez! Ez da posible… Dena egin dut ondo, bikain ibili
naiz. Esan didaten guztia egin dut. Ez dut ezer ulertzen.
Egunak igaro
dira eta hutsunea baino ez dut sentitzen. Dolua egin behar dudala esan didate
gertukoek, baina nebulosa batean nago, ez dut ongi ulertzen esaten didatena.
Bikotekidea ni animatzen saiatzen da, nahiz eta berak ere nik sentitzen dudana
sentitu. Elkarrekin itzuli gara ginekologoaren kontsultara. Itxaron gelan
gaudela, pentsatzen hasten naiz. Ez dakit zer esango digun. Agian zerbait hobe
egin nezakeela leporatuko dit? Ez, hori nik neuk leporatzen diot nire buruari.
Beldurrak irentsi eta kontsultan sartzen gara. Gorputzan gelditzen zaidan indar
apurrarekin, bata zuridunaren begietara begiratzen ausartzen naiz. Begirada bat,
milioi bat hitz. Hurbiltzen zaigu, ezer esan gabe, eta bere besoetan jasotzen
gaitu. Une horretan COVID-19ak ez du axola eta estutu egiten gaitu. Orduan
konturatzen naiz berak ere guk senan dugun sentimentu latza bera garatu duela.
Malkoak ere badaude, auskalo norenak. Denonak. Besarkada askatzen dugu eta
esertzen gara. “Oraindik aukerak badaude; nahi izanez gero, prozesua errepikatu
dezakezue”. Etxera goaz, lorik ez, eta goizean erabakia hartzen dugu:
aurrera.
Berriz hasten dugu zikloa. Zikloa baino, espirala ematen du.
Bertan beherantz, iluntasunerantz noa, umerik gabe ematen dudan egun bakoitzean
sakonago. Nire inguruko jendea ohartu egiten da, langile batadun eta pijamadunak
ere bai. Estimulazio hormonalarekin hasterakoan, ginegologoa eta psikologoa
hurbildu egiten zaizkit: “Egon lasai. Hemen gaude, zu eusteko”.
In-vitro
fekundazioa, bigarren aldiz. Oraingoan ez dut etxeko haurdunaldi frogarik egin
nahi, ez dut sinisten haurdun egon naitekeenik. Horren triste nago non gorputza
gaixotzen hasten zaidan. Txikitan bezala, arimako minarekin batera, tripa ere
kexaka. Egunero nauseak okerrago... Egunero nauseak
okerrago?
Ginekologoarenera goaz. Ohetilan etzanda nagoela, denak
ekografoari so, medikuaren eta erizainen irrifarreak erraldoiak dira. “Enbrioi
on bat lortzearekin nahikoa izan da!”.
Bata eta pijama koloredunen taldearen
laguntza ere bai. Ez dut zalantzarik: beraiena bezain gurea izango da gure
Amets.
Texto en su lengua original · © su autoría.